Ez pentsa zazpi eguneko astea eta hamabi hilabeteko urtea beti izan direnik. Hauek oraintsuko kontuak dira.
Hipotesi hau frogatzen duen ilargi egutegi paleolitiko bat, zaldiaren lepauztaitik atera eta bikain leundutako xafla-egutegitxo zintzilikario bat, Berriatuko Lamiñak-II koban aurkitu zen eta Bilboko Arkeologi Museoan dago orain.
Jakina da euskaldunok hogeiko zenbaketa darabilgula, sumertarrek eta beste hainbat herri aurre-indoeuroparrek bezala. Aldiaren neurketan, 20, 40 eta 60 dira zenbaki ardatzak (hogeita hamar, hirurogei, laurogei, …).
Horrela, jendearen adina 20ka kontatzen dugu euskaraz; gaur egungo egutegian ere 40ko zenbaketaren aztarnek iraun dute nekazaritzarako garrantzitsuak diren datak munarritzat hartuz (Kandelario, San Jose, Asentzio, atab., berrogei egunetik berrogei egunera eta lau-hurren gisara ospatuz); gainera, paleolito garaiko zenbait ilargi-egutegik 60 eguneko denboraldia –bi ilargialdi- hartzen du ardaztzat, antza. Horietariko bi ilargi-egutegi aurkezten dira artikulu honetan, bat Inguru Abenturan ondo ezagutzen dugun Lamiñak koban (Berriatua. Bizkaia) aurkitua, eta bestea Blanchard koban (Les Ayzies, Dordoina).
Hogeiko zenbaketa hori kontuan hartuta eta antzinateko egutegien azterketa egin eta gero, euskaldunen ilargi-egutegiari buruzko hipotesia plazaratzen du Josu Naberanek, betiere orain arteko ikerlariek esandakoa gogoan izanez (P.P.Astarloa, Julien Vinson, J. Gorostiaga, J.C. Baroja, besteak beste), honakoa da bere hipotesia: 15 eguneko astea.
ASTEA izenak “gauen zikloa” esan nahi duela eta egunen izenek (astelehena, asteartea, asteazkena.., eta euskal herrietan kontserbatu diren sinonimoek oro) zer izendatzen duten azaltzen du Jusu Naberanek erabili.com-en aurkeztutako hipotesiak. Horrela, 3 eguneko astea barik, 14-15 eguneko lau aldi eratuko lirateke (bi ilargialdi), eta ilbete bakoitzaren buruan larunbata legoke.
Ondorengo artikulu honetan zehazten dira hipotesi honen xehetasunak: