Urriaren 28tik azaroaren 4ra Lonbo Aretoak hitzaldi-ziklo bat hartuko du. Alex Txikonen eta Ramón Portillaren gisako goi mailako adituak izango dira bertan; gainera, Bolivia, Gorbeia edo Norvegiako Lofoten irlak ere izango ditugu mintzagai.
Aurreko urteetan bezala, Padura Mendi Taldeak, Arrigorriagako Udalaren laguntzarekin, Mendi Astea antolatuko du urriaren 28tik azaroaren 4ra bitartean. Goi mailako protagonisten eskutik bost hitzaldi eskainiko dira Lonbo Aretoan 20:00etan.
Asteari hasiera emateko, asteazkenean, urriaren 28an, Gerardo Marquínezek Bolivia: La Soledad del Altiplano izeneko hitzaldia eskainiko du. Urriaren 29an, ostegunean, Iñaki García Uriberekin alpinismoari, mendizaletasunari eta gorbeizaletasunari buruz jarduteko txanda helduko da, Gorbeia Arrigorriagan 2015 erakusketari amaiera eman ostean (udaletxeko erakusketa gelan urriaren 9ra arte ikusgai izan duguna).
Astelehenean, azaroaren 2an, Ramón Portilla eskarmentu handiko mendizalearen txanda helduko da, hainbat zortzi milako igo eta kontinente guztietan gailurrak egin dituena. Portillak bere bizipenak partekatuko ditu Por las montañas del mundo izeneko hitzaldian.
Hurrengo egunean, azaroaren 3an, Alex Txikon izango dugu Lonbo Aretoko protagonista, egungo euskal mendizaletasunaren ikurretako bat. Nanga Parbaten izandako neguko abenturen berri emango digu. Bertan ezin izan zuen bere helburua lortu, baina Alexek ez du amore eman, izan ere berriki adierazi du abenduan Pakistanera bueltatuko dela, oraindik neguan igo ez diren 8.000 metroko bi gailurretako bat zapaltzeko (bestea K2 mendia da).
Javi Torrerirok (@javipozoko) emango dio amaiera aurtengo Mendi Asteari. Al filo de lo impresentable blogaren egileak Norvegiara eramango ditu Lonbo Aretoko entzuleak Descubriendo las islas Lofoten izeneko hitzaldian.