Peter Slack zerua zapaltzen, Slack-linearen zale amorratua.
Elkarrizketarako hitzordua jartzeko deitu diogunean, zubi-saltoa egiten harrapatu dugu Xabi Amorrortu elorriarra. Hurrengo deian eskalatzen zebilen. Horrelakoa da abentura kirol teknikari baten bizitza. Inguru abentura kooperatibako kidea da.
Azken aldianSlack-linea gogotsu hartu du eta atzo bertan argitaratu zuen azken urtean grabaturiko irudi ederrenekin egindako bideo ikusgarri hau.
Hobeto ezagutu nahi baduzue, hona hemen uztailean Anboto aldizkariak egin zion elkarrizketa:
Elkarrizketarako hitzordua jartzeko deitu diogunean, zubi-saltoa egiten harrapatu dugu Xabi Amorrortu elorriarra. Hurrengo deian eskalatzen zebilen. Horrelakoa da abentura kirol teknikari baten bizitza. Inguru abentura kooperatibako kidea da.
Zelan sortu duzue Inguru kooperatiba?
Gasteizko bi lagunek Inguru Abentura enpresa gisa sortu zuten duela hamar urte, Gasteizen. Aurreko abenduan, lan karga handia zutela-eta, kooperatiba sortu genuen, lantalde sendo bat osatzeko asmotan, eta beste sei gazte sartu ginen.
Zer eskaintzen duzue?
Gure ekintza guztiek naturagaz eta kirolagaz lotura duten arren, hiru arlotan sailkatuko nuke gure eskaintza. Lehenengoa, ekintza gidatuena da: gida bategaz ekintza bat egitera joaten dira, kirol horren inguruko jakintzarik eduki beharrik gabe: eskalada, zubi-saltoa edo arroila-jaitsiera egiten dute, edo kobazuloak arakatzen dituzte, esaterako. Bigarren eskaintza ikastaroek osatzen dute. Ekintza berberak dira, baina, egun-pasa joan beharrean, horien ezagutzan sakontzen dute partaideek. Azken arloa, jaialdiei zuzendutakoa da, eta tirolinak, slackline praktikatzeko aukera eta ohe elastikoak eskaintzen ditugu, adibidez.
Zein ekintza duzu gustukoen?
16 urtegaz katu batzuk erosi nituenetik eskalatzea pasio bat izan da beti. Espeleologia talde baten ibili naiz urte askoan, kobazuloetako mapak egiten. Gaur egun dena utzi dut alde batera, eta daukadan denbora gutxia slackline egiteari eskaintzen diot. Hurrengo astean, adibidez, Poloniara joango naiz, Urban Line Festivalean arlo horretan jardutera.
Zubi-salto mota berezi bat ere lantzen duzue.
Nazioartean modan jarri den swim rock modalitatea da. Labar batean tirolina bat jartzen dugu aldetik aldera. Amildegiaren alde batetik egiten duzu, baina amildegi erdian dagoen tirolina batera lotuta zaude.
Nora joaten zarete ekintza horiek guztiak egitera?
Gure lanean, zorionez, egunero izaten ditugu aldaketak, eta Euskal Herri osoan mugitzen gara. Berriatuan zubi-saltoa egiten dugu, eta Merelluditik Lekeitiorako bidean kobazulo aberats bat dugu; Mañari inguruan kobazulo errazak daude; Elorrion ere hasi gara Besaideko kobazulo batera joaten; eta Eginon eta Atxarten eskalada, rappela eta tirolina egiten ditugu.
Ekintza horiek arriskuagaz lotzen dira. Horrela da?
Autobabesaren inguruko kanpaina bat egiten gabiltza orain, batez ere gazteei zuzenduta. Arriskua egunero daukagu gertu, baina badakigu arriskua kudeatuz gero, ekidin egin daitekeela. Baina, hala ere, badaude gure esku ez dauden faktoreak.
Zelakoa da zuen bezeroen profila?
Alde batetik, gazteak ditugu. Multiabentura ikastaroak ematen dizkiegu gazteei ikasturtero, baita udalekuetan ere. Eta, bestetik, asteburuetan gazte taldeak daude. 20-30 urte bitarteko taldeak izaten dira.
Abentura kirolak harrapatu egiten du?
Bai, sarritan gertatzen da hori. Pertsona batek arroila bat jaisten duenean, gehiago gura izaten du. Gero, ikastaroak jasotzera pasatzen da. Horregatik, bidaia bereziak eskaintzen ditugu: Italiara arroilak bajatzera joaten gara, eta Marokora bidaia bat prestatzen gabiltza.
Anboto2014-07-18 11:40 Akuilua Elorrio